Zahartze-prozesua ekidinezina da gure gorputzeko zelulak higatzen direlako. Zelulek ziklo bat betetzen dute eta behin muga batera heltzean hil egiten dira. Baina azkenaldian ikertzaileek ikusi dute zelula batzuk, nahiz eta guztiz higatuta eta zahartuta egon, ez direla hiltzen eta; zelula seneszente edo zonbi zelulak deitzen zaie. Zelula hauen rola gero eta nabarmenagoa da zahartzaroan eta hainbat zahartze-prozesutan ikertu da.
Zahartzaroaz hitz egitean, sarri ehundik gora urte betetzen dituzten gizon-emakumeen bizitzak datozkigu gogora eta haien bizimoduaren xehetasunak jakitea gustatzen zaigu; nolabait, bizitza eternoaren giltza izango dutelakoan. Honetan errekorra Jeanne Louise Calmet anderearena omen da.

Calmet anderea Frantziako Arles hirian jaio zen 1875. urtean, familia dirudun batean. 1965. urtean 90 urte beteak zituela, usufruktu-akordio bat sinatu zuen André-François Raffray notarioarekin. Raffray jaunak 47 urte zituen eta, Calmet andereari hilabetero 2.500 franko ordaintzearen truke, emakume adinduna hiltzean haren etxearen jabetza Raffrayrena izango zen. Kontuan izanik bataren eta bestearen adina, bazirudien Raffray jaunak negozio ona egin zuela, baina 1995. urtean zendu zen André-Francois Raffray, 77 urte zituela, minbizi baten ondorioz, apurka-apurka ia miloi bat euro ordaindu ostean Jeanne Louise Calmeti, eta bizirik zegoen hura oraindik. Bi urte geroago hil zen Calmet anderea eta Raffray jaunak dirutza bat ordaindu behar izan zion inoiz disfrutatu ez zuen etxearen truke. Calmetek “bizitzan batzuetan negozio txarrak egiten dira” esaten zuen txantxa moduan 1995. urtean 122 urterekin hil zen arte.
Zahartze-prozesua ulertu nahian
Jeanne Louise Calmeten bizitza ez da ohikoena, baina egia da XX. mendean bizi-itxaropena izugarri igo dela. Adibide bat jartzearren, Espainiako Erresuman 1908. urtean gizonezkoen bizi-itxaropena 40 urtekoa zen eta emakumeena 41ekoa. Ia ehun urteren buruan, 2000. urtean gizonezkoena 76 urtekoa zen eta emakumeena 83koa. Baina, bestalde, hazkuntza horrek ez du erritmo berean jarraitzen. Badirudi gizakiaren bizirauteko gaitasunaren mugara iristen ari garela, eta horrek nolabaiteko frustrazioa sortzen du. Biziraupena luzatzen jarraitu nahian gero eta baliabide publiko eta pribatu gehiago bideratzen dira, ezinbestekoa baita hobeto ulertzea ikuspegi molekular eta zelularretik gure gorputza zahartzean gertatzen diren prozesuak.
Zelulez osatuta gauden heinean gure gaitz gehienak zelulen disfuntzioaren ondorio izaten dira, gaixotasun kutsakorrak alde batera uzten baditugu. Ildo horretatik berebiziko garrantzia du Leonard Hayflick anatomistak 1961. urtean Filadelfiako (AEB) Wistar Institutuan egindako aurkikuntzak. Hayflick-ek in-vitro egiten zuen lan giza zelulekin; hau da, laborategian gorputzetik isolatuta; eta konturatu zen zelula hauen erreplikatzeko gaitasuna mugatua zela. Askotariko zelula motak aztertu ondoren, muga 50 aldi inguruan jarri zuen eta efektu honi Hayflick-en muga deitzen zaio. Gerora, Elizabeth Blackburn eta Joseph Gall zientzialariek ikusi zuten zelulen kromosomen muturretan sekuentzia jakin batzuk daudela eta zelulak bikoiztean sekuentzia hauek laburtu egiten direla.
Sekuentzia hauei telomeroak deitzen zaie eta haiek laburtzeak eragiten du zelulek babesa galtzea eta zahartzea. Zahartze edo seneszentzia prozesuan, zelulak bikoizteko gaitasuna galtzen du hasieran eta, ondoren, metabolikoki geldotzen da, akatsak pilatzen joaten da eta azkenik hil egiten da.
Beraz, esan dezakegu zelulek ziklo jakin bat dutela eta nolabait programatuta daudela hiltzeko.
Hiltzeari uko egiten dioten zelulak
Heriotza programatuari apoptosia deitzen zaio. Apoptosi bidez hiltzen den zelula apurka-apurka itzaltzen joaten da eta, hil ondoren, inguruan dituen immunitate-sistemako makrofagoek irentsi eta guztiz degradatzen dituzte haren osagaiak. Modu honetan, apoptosi bidez hiltzen den zelulak ez du inolako kalterik sortzen bere inguruan. Baina azken aldian ikusi da zelula batzuk degenerazio-prozesu hau ez dutela guztiz betetzen. Haien telomeroak laburtzearen ondorioz, gaitasunak galtzen dituzte baina ez dira apoptosian sartzen eta etengabeko egoera seneszentean (ingelesez Senescent Cells, SnCs) gelditzen dira.

Seneszente gelditzen diren zelula hauek hainbat hantura-molekula eta metabolito sortzen dituzte eta zuzenean eragiten dute inguruan dauden zeluletan. Ikusi da zelula seneszenteek ehunen kaltetzea azkartzen dutela eta minbizia, osteoartritisa edo bihotzeko arazoak sor ditzaketela. Zelula seneszente hauek apoptosi-prozesua kaltetuta izaten dute eta horregatik ez dira heltzen heriotza prozesua guztiz bukatzera. Hortik “zonbi zelula” goitizena.
Zahartzean pairatzen ditugun minen artean ohikoenetarikoa da bizkarreko mina. Bizkar-hezurreko ornoen artean izaera kartilaginotsua duten kuxin antzeko disko batzuk daude. Haiek higatzean elkar jotzen dute diskoek, malgutasuna galtzen da eta, tartean nerbioak konprimitzen badira, mina sortzen da. Montrealgo (Kanada) McGill Unibertsitateko ikertzaile talde batek zelula seneszente hauen eragina ikertu du ornoarteko diskoen higaduran. Zonbi zelula hauek apoptosi-prozesuan arazoak dituztenez, apoptosia suspertzeko botikak erabili dituzte. Modu honetan, zelula seneszenteak apoptosi-prozesuan sartzea lortu dute eta haiek hiltzea. Erabilitako botikak oso selektiboak izan dira eta zelula seneszenteen apoptosi prozesua berpiztu dute bakarrik, eta ez inguruko zelula osasuntsuena. Saguetan egindako esperimentuetan, zonbi zelulak ezabatzeaz gain, ornoarteko diskoen kalitatea hobetzea lortu dute.
Ez dakit bizkarreko minik izan ote zuen Jeanne Louise Calmet-ek, bizi izan zen 122 urteetan, baina zonbi zelulek ornoarteko diskoetan duten eragina ikertzeak eta zelula hauek hiltzeak gutxiago biziko diren milioika adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko balio lezake.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Bryson, Bill (2019). The Body: A Guide for Occupants. Doubleday.
Egileaz:
Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.